Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Natalieren hilketa gaitzetsi dute hamarnaka lagunek Bidarten
Natalie Van Put atzo hil zen, ospitalean, ustez senarrak eraso egin eta larri zauritu ostean. Gizonezkoak bere buruaz beste egin zuen.
EITB.EUS
Hamarnaka lagunek elkarretaratzea egin dute Bidarten, Natalie Van Puten hilketa gaitzesteko. Mobilizazioa Bidarteko bidegurutzean egin dute, 18:00etan, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta.
Atzo hil zen Van Put, Baionako ospitalean. Bidarteko Bassilour industrialdeko enpresa batean topatu zuten emakumea igande arratsaldean, larri, indarkeria zantzuekin. Haren bikotekidea, 48 urteko gizonezko bat, haren ondoan aurkitu zuten, urkatuta.
Ikerketa abiatu dute, emakumeen kontrako indarkeria kasua izan daitekeela uste baitute. Antza denez, gizonezkoak emakumea jipoitu zuen, eta bere buruaz beste egin zuen ondoren.
Euskadi Irratiak jakin duenez, gizonezkoak aurrekariak zituen genero indarkeriagatik. Lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten 2014an, bikotekidea kolpatzeagatik, baina ez zuen bete behar izan, lehen delitua baitzuen. Ez zen urruntze agindurik eman, eta elkarrekin jarraitu zuten.
Gaur egingo diote autopsia Bordeleko ospitalean. Bikotearen 9 urteko semea eskolan zegoen erasoa izan zenean, eta aitona-amonen zaintzapean geratu da.
Larunbat honetan, Gasteizen, Feministok Prest mugimenduak deitutako mobilizazioan ere gogoan izango dute Natalie.
_____________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo biktimaren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu 016 telefono-zenbakira (doakoa da eta ez du arrastorik uzten fakturan).