Gizartea -
Zientzia
Grabitazio uhinak atzeman dituzte, Einsteinen teoria egiaztatuta
Fisikari alemaniarrak uhin horiek teorizatu eta 100 urtera baieztatu ahal izan dute zientzialariek existitzen direla. Iraultza da astronomiaren munduan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Albert Einstein fisikari alemaniarrak duela mende bat aurreikusi zituen grabitazio uhinak atzeman egin dituzte lehen aldiz, LIGO proiektuak baieztatu duenez.
"Jaun-andreok, atzeman egin ditugu grabitazio uhinak; lortu egin dugu", iragarri du David Reitze LIGO proiektuko buruak, txalo artean, Washingtonen eskainitako prentsaurreko jendetsu batean.
"Hainbat hilabete behar izan ditugu grabitazio uhinak zirela egiaztatzeko; orain, etortzekoa dena da zirraragarriena, leiho bat ireki baitiogu unibertsoari", adierazi du.
Uhinak irailaren 14an atzeman zituzten, 09:51ean (GMT), LIGO proiektuaren bi detektatzaileetan. Bat Livingstonen (Luisiana) dago, eta, bestea, Hanforden (Washington).
Tankera horretako uhinek beste modu batera lortu ezin den informazioa dute, euren jatorriari eta grabitatearen izateari buruzkoa.
Fisikariek ondorioztatu dutenez, bi zulo beltzek bat eginda sortu ziren atzemandako grabitazio uhinak. Talka hori eman daitekeela teoria hutsa zen, eta orain lehen aldiz 'ikusi' dute.
Einsteinen aurreikuspena
Grabitazio uhinen bilaketa duela bost hamarkada hasi zen, unibertsoa hobeto ulertzeko xedez; baina Albert Einsteinek duela 100 urte aurreikusi zituen, Erlatibitatearen Teoria Orokorraren baitan.
Hain zuzen ere, unibertsoan mugitzen diren objektuek espazio-denboran uhinak sortzen dituztela deskubritu zuen fisikari alemaniarrak. Horrela, grabitazio uhinak teorizatu zituen, baina horien existentzia ezin izan da frogatu, orain arte.
Aurkikuntzak hankaz gora jarriko du astronomian. Izan ere, orain arte argi mota ezberdinak (uhin elektromagnetikoak) erabili izan dituzte unibertsoa begiratzeko, baina hemendik aurrera argiaren menpe ez dauden 'begi' berriak erabili ahal izango dituzte.
Grabitazio uhinek unibertsoan mugitzen diren objektuei buruzko informazioa dute, eta kosmosaren historia eta jaiotza ezagutzeko baliagarriak izango dira.
Stephen Hawking fisikariaren esanetan, grabitazio uhinek "astronomiaren alorrera iraultza ekartzeko potentziala dute".