Gizartea -
LOMCE Legea
Hezkuntza Sailak ez du LHko 6. mailan proba diagnostikorik egingo
Ikasturte honetan 3. mailan bakarrik egingo dute azterketa, LOMCEk bi aurreikusten dituen arren.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako 3. mailan bakarrik egingo dute ikasturte honetan proba diagnostikoa. LOMCE Legeak 6. mailarako aurreikusitakoa, beraz, aurten behintzat ez dute egingo, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak gaur iragarri duenez.
Sailburuaren hitzetan, Hezkuntza Saila maila honetako ikasleei egiteko proba pilotu bat diseinatzen dabil, baina 2016-17 ikasturterako egongo da prest. 3. maila ebaluatzeko ere beste proba bat prestatzen dabil Uriartek zuzentzen duen Saila, euskal sisteman ohikoak diren azterketez gain (LHko 4. eta DBHko bigarren mailan).
Uriartek nabarmendu duenez, LOMCE gorabehera, "Euskadik bere ebaluazio sistema propioan aurrera egin behar du". Wert ministroak bultzatutako legeari buruz, gaur-gaurkoz "apur bat airean" dagoela uste du sailburuak.
"Hezkuntza bikaintasunerantz" txostenaren aurkezpenean egin ditu adierazpenak Uriartek. Hezkuntza arloan abangoardia diren herrialdeen jardunbideak aztertu eta Euskadin bikaintasuna lortzeko hainbat proposamen egiten ditu: metodologian, irakasleriaren formazioan, eskolak emateko moduan, eta ikas-material berriak, besteak beste.