Gizartea -
Abenduaren 3an
Euskaldun berriei omenaldia, Euskararen Egunari begira
EAEko erakundeek gogorarazi dute duela 30 urte baino 300.000 euskaldun gehiago dagoela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
agentziak | erredakzioa
Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek euskaldun berriak omendu dituzte gaur, datorren abenduaren 3an izan den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira.
Bilbon egindako ekitaldi baten egin diete aitortza, Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, lurralde horietako hiriburuetako udalek eta EUDELek adostutako adierazpen bat irakurrita.
Adierazpenean azpimarratu dutenez, euskara biziberritzeko prozesua, autonomia lortu zenetik, arrakastatsua izan da "gizarte osoaren esfortzuari esker; eta hazkunde funtzionala eta geografikoa izan den arren, demografikoa ere izan da".
Testuaren sinatzaileek "bi arrazoi nagusitan" oinarritzen dute hazkunde hori: "Alde batetik, hezkuntza; eta, bestetik, pertsona helduen euskalduntzea".
"Horregatik jarri nahi izan dugu arreta gure ustez eredu diren pertsona horiengan: euskaldun berriak; bereziki heldutasunean euskaldundu direnak, seme-alabei etorkizun euskalduna bermatu dieten gurasoak ahaztu gabe", azpimarratu dute adierazpenean.
Erakunde sinatzaileek gogorarazi dute Euskal Autonomia Erkidegoan duela 30 urte baino 300.000 euskaldun gehiago dagoela orain, eta kopuru "handia" dela hori, "esperantza elikatzen, etorkizuna indartzen eta euskararen biziraupenerako garrantzia berezia" hartzen duena.