Gizartea -

Haizea

Ziklogenesi leherkorrak Euskal Herria astindu du

Goizaldean 100 kilometro orduko ufadak izan dira Bilbon, 125ekoak Matxitxakon eta 154koak Orduñan. Hala ere, denboraleak ez du aparteko arazorik sortu.

Zuhaitz bat erorita Bilbon. Argazkia: EFE
Zuhaitz bat erorita Bilbon. Argazkia: EFE
Loiuko aireportuan 3 hegaldi desbideratu behar izan dituzte haizeagatik

1:17

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haizeak Euskal Herria gogor astintzen jarraitzen du gaur. Goizaldean 100 kilometro orduko ufadak izan dira Bilbon, 125ekoak Matxitxakon eta 154koak Orduñan.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Henri ekaitz tropikalaren arrastoak heldu dira Penintsulako ipar-ekialdera, eta ziklogenesi leherkorra delako fenomenoa sorrarazi dute. Borraska indartsu horren erdigunean 980 mb-ko presioa egon liteke, adituen arabera. Borraska ipar-ekialdera jotzen eta hego ukituko haize-bolada bortitzak eragiten ari da.

Hala ere, denboraleak ez du kalte handirik eragin, Radio Euskadik jakitera eman duenez. Zuhaitzak edo adarrak, bide-seinaleak, antenak, aldamioak edo fatxada zatiak bota ditu haizeak.

Bigarren mailako errepide sarean kontuz gidatzeko gomendioa eman du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zuhaitzak eta adarrak erori direlako.

Segurtasun Sailak abisu horia mantendu du gaurko, haizeagatik: 10:00etatik 20:00etara babes gabeko lekuetan, eta 00:00etatik 20:00etara leku babestuetan.

Gainera, itsasoa ere arriskutsu dagoenez, abisu horia ezarri du kostaldean; gaur, egun osoan, eta bihar, 00:00etatik 18:00etara.

Arazo gehiago Bizkaian

Bizkaian arazo gehiago sortu dituzte haize-boladek. Suhiltzaileek zenbait irteera egin behar izan dituzte.

Artzentalesen, BI-630 errepidean, 42. kilometroan, zuhaitz bat errepidera erori zen asteartean eta bidea ixtera behartu zuen. Portugaleten, teilatu bateko erlaitza zintzilik geratu zen. Abanton antzekoa gertatu zen; izan ere, haizeak teilatu baten zati bat lekutik atera zuen.

Zuhaitz bat propano andel baten gainean erori da Ordizian

Gipuzkoa ere gogor astindu du denboraleak. Ordizian, zuhaitz bat propano tanga baten gainean erori zen zaharren egoitza baten alboan, astearte arratsaldean. Zonaldea sokaz inguratu ondoren, suhiltzaileek isuritako propanoa garbitu zuten.

Ziklogenesia Bilbo Loiu haizea

Hegazkin bat Loiuko aireportuan lur hartzen. Argazkia: EFE

Normaltasuna nagusi, Loiuko aireportuan

Loiuko aireportuan normaltasuna nagusi izan da, baina Frankfurtera eta Munichera bidean atera beharrekoak ziren hegaldiak ezin izan dira abiatu, asteartean desbideratu behar izan zituztelako.

Aenako iturriek azaldu dutenez, Loiuko aireportuan lur hartu behar zuten bi hegazkin Barajaseko aireportura desbideratu behar izan zituzten asteartean, azken orduan.

Horregatik, Bilbotik atera behar zuten bi hegaldi bertan behera geratu dira goizean.

Nafarroan, aparteko arazorik ez

Era berean, denboraleak ez du arazo larririk sortu Nafarroan, Foru Gobernuak agiri batean jakitera eman duenez. Azken orduetan zuhaitzak eta adarrak erori dira zenbait tokitan.

Ufadek bi zuhaitz errotik atera zituen Otxondo mendatean eta horietako bat linea elektrikoaren gainean erori zen. Horrek argindarra eten zuen, baina enpresako teknikariek arazoa konpondu dute dagoeneko.

Bestalde, auto batek enbor baten aurka talka egin du Gulian. Enborra errepidera erori zen, baina ibilgailuko bidaiariak onik atera dira.

Bertizaranako parke naturalera doan errepidean eta NA-4400 (Etxalar-Frantzia) errepidean zuhaitzak eta adarrak kendu behar izan dituzte, baita N-121ean ere, Campanasen; eta Altsasuko suhiltzaileek Iruña Etorbideko kale-argi bat aztertu behar izan dute, Udaltzaingoak eskatuta.

Espainiako Meteorologia Agentziak (AEMET) alerta 18:00etara arte mantentzen du Nafarroan. Erdialdean alerta horia da, baina iparraldean eta Pirinioetan laranja da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia Bilbao Gaurko azken ordukoa