Gizartea -

Bizkaiko ikastolen jaialdia

Ibilaldiaren antolatzaileak: 'Elkarrekin aurrera egin eta egingo dugu'

Milaka euskatzale bildu dira gaur Bilbon Bizkaiko ikastolen jaialdiarekin bat egiteko. Aurtengo hitzorduak euskarazko Lanbide Heziketa aldarrikatu du.

Ehunka lagun bildu dira Bilbon, Ibilaldiaren harira. Argazkia: EFE
Artxiboko irudia: EiTB
Sekulako giroa Ibilaldian

0:40

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka eta milaka euskaltzale izan dira gaur Ibilaldia Bizkaiko ikastolen aldeko 37. jaialdiak egokitutako ibilbidean zehar, Bilbon. Giroa ezin hobea izan da egun osoan, eta antolatutako ekintza guztiak burutu dira, 'Harro ibili' aurtengo lelopean.

Txoko guztietan zer ikusi, zer entzun eta zertaz gozatzeko aukera egon da, hala nola, bertsolariak, kontzertuak, kirola, pailazoak, tailerrak, dantzak… Izan ere, egitarau zabala, irekia eta aberatsa izan da gaurkoa.

Ikastolen elkartetik balorazio positiboa izan da oso. Horren harira, Harrobia Ikastetxe aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileak azpimarratu duenez, "jaia aurreikusita bezala joan da, eta momentu oro antolatzaileak ekinean ibili dira egoerari erantzuteko. Honenbestez, aho-betez esan dezakegu asteburu eguzkitsu eta handi honi bukaera ezin hobea eman diogula. Pozik gaude eta elkarrekin aurrera egin eta egingo dugu".

Halaber, antolatzaileek esan dutenez, "gogoratu datorren urteko Ibilaldia, Durangon izango dela, Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolek antolatuta". Amaitzeko, "eskerrak eman nahi dizkiegu Euskal Herriko bai ikastolei bai euskal elkarteei gurekin egoteko egin duten ahaleginagatik".

Aurtengo edizioak 16 eta 65 urte bitarteko ikasleak dituen Lanbide Heziketako ikastola honek egiten duen lana ezagutaraztea izan da, eta bildu den diruarekin, heziketa zentroan beste eraikin bat egiteko proiektua jarriko dute martxan.

Lanbide Heziketan euskara sustatu

Ibilbidearen hasieraren Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea izan da. Aurrekoetxeak azaldu duenez, Lanbide Heziketaren zikloren bat egiten ari diren euskal ikasleen % 26k euskaraz egiten du.

Sailburuordeak adierazi duenez, "euskara ikastea, euskalduna izanda, ez da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan amaitzen, ezta Batxilergoan ere. Lanbide Hezkuntzara eta Unibertsitatera ere heldu beharko da, eta baita lan-esparrura ere, apurka-apurka, euskaraz lan egitera iritsi arte".

Horren aburuz, euskararen sustapenean "urrats garrantzitsuak eman dira" Lanbide Heziketan, ikastaroen % 80 euskaraz eskaintzen baitira. "Arazoa da", sailburuordeak aitortu duenez, "ikasleek ez dutela euskarazko lanbide hezkuntza aukeratzen, gero eta gehiago egin arren, eta horren laurden bat D ereduan dago jada".

"D eredura igarotzeko urrats hori erraztu nahi dugu orain", iragarri du, "eta nola egingo dugu? Datorren ikasturterako eskainiko dugu aurreneko aldiz B eredua, hau da, irakasgaien erdia euskaraz, eta beste erdia gaztelaniaz".

Euskarazko lanbide hezkuntza suspertzeko, "beharrezkoa da lan munduko enpresen inplikazioa, euskaraz garatutako guneak eskainiz, euskarazko Lanbide Heziketako ikasleek ikus dezaten euskaraz lan egiteko aukera badagoela", gaineratu du.

Harrobia

Harrobia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak baimendutako eta hitzartutako Lanbide Heziketako zentro euskalduna da.

Kooperatiba elkartea da. Portugaleten sortu zen 2001-2002 ikasturtean, Ibar Ezkerra Ikastola izenarekin, eta Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba elkartearen partaide da. 2011tik aurrera, lanbide prestakuntza Bilbon eskaintzen du Harrobia izenarekin.

Aurtengo edizioko abestia Zea Mays talde bilbotarrak egin du. Logotipoari dagokionez, oinez dabilen ikastola edo eraikuntza baten irudikapena da, eta "etenik ez duen eta etengabe hobetzen jarraitzen duen proiektu baten sinboloa" dela adierazi nahi da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Bizkaiko ikastolen jaia Zer gertatu da gaur Bilbon? Azken ordukoa Bizkaia