Gizartea -
Ikerketa
Neskek gehiago errespetatzen dute sexu-aniztasuna
Ikerketa Berdinduk egin du bigarren hezkuntzako neska eta mutilen artean.
Erredakzioa
Neskek mutilek baino jarrera egokiagoa duten sexu-aniztasunarekiko. Mutilek, jarrera homofobo gehiago erakusten dituzte lesbiana, gay, transexual eta bisexual kolektiboen aurrean.
Hori da bigarren hezkuntzako ikasleen artean Berdinduk egin duen ikerketaren ondorio nagusia. “Aniztasun afektibo-sexualaren aurreko jarrera ikasgeletan” txostena aurkeztu dute gaur ondorengoek: Lourdes Fernandez Eusko Jaurlaritzako Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariak, Nahia Rojo Berdindu Eskolakeko arduradunak eta Jesus Estomba Gehitu elkartekokideak.
Estombak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak babestu duen ikerketa honek “datu objektiboak erakusten dizkigu, eta horrek beharrezkoak diren eta errealitatera egokituta dauden neurriak hartzen lagunduko digu”.
Sexu-aurreiritziek arrazoiari, afektuari eta jarrerari eragiten dietela ere azpimarratu du Estombak.
Rojok, bestalde, ikerketaren datu esanguratsuenak eman ditu ezagutzera. Horien arabera, gazteen % 62k ekintza homofoboak ikusi ditu eskolan eta eskola inguruan, eta % 45ek eskola lagunak LGTB jarrerak izateagatik baztertuak izan direla uste du.
Nesken % 45ak onartzen du euren gelako lagunek horrelako jarrerak dituzten pertsonak baztertuko lituzketela. Mutilen artean, berriz, % 36,6ak du iritzi hori.
Ikerketaren arabera, nesken % 71ak euren ikaslaguna defendatuko luke horrelako egoera batean, mutilen % 43ren aurrean.
Ikerketaren ondorio nagusienetako bat ondorengoa da: gazteek LGTBaren inguruan dituzten erreferentzia gehienak komunikabideetan daude, eta horiek estereotipoak bultzatzen dituzte eta jarrera homofoboak sustatzen dituzte.