Gizartea -
Berrantolaketa plana
EHUk 31tik 20ra murriztu du zentro kopurua
Proiektuak ez du ekarriko zentroak ixtea, baizik eta hainbat bakarra izango balira bezala aritzea.
Erredakzioa
Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Gobernu Kontseiluak onartu egin du zentroak eta fakultateak berrantolatzeko proiektua. 28 boto alde jaso ditu ekimenak, eta lau aurka.
Planak aldaketa sakonak ekarriko ditu unibertsitatearen barne antolakuntzan. Izan ere, zentro kopurua 31tik 20ra murriztuko dute.
Dena dela, Iñaki Goirizelaia errektoreak azaldu duenez, horrek ez du esan nahi zentrook itxiko dituztenik, baizik eta hainbat zentro bakar bat izango bailiran arituko direla.
Horrenbestez, ikasleek eta langileek zentro fisiko berberetan jarraituko dute, baina zuzendaritzak eta administratzaileak berrantolatu egingo dituzte.
Errektoreak poza agertu du, plana onartu dutelako, eta ez dutela inor kaleratuko aurreratu du.
Horren ildotik, orain arte administrazio lanak egiten zituzten hainbat langile hezkuntza edo ikerketa lanak egingo dituzte orain. "Ez dira beharrezkoak horrenbeste zuzendaritza egitura", azaldu du.
Goirizelaiak ukatu egin du proiektua murrizketen ondorio dela, eta "bikaintasuna" lortzeko urrats bat dela argudiatu du.
Hurrengo bi hilabeteetan, zentroentzako izenak proposatu eta onartuko dituzte.
Berrantolaketa prozesuak urtebete iraungo du, eta ikasleentzat ez du aldaketa handirik ekarriko, graduak eta gradu-ondokoak ere mantenduko baitituzte. Gainera, hezkuntza eta ikerketa eskaintza ez dela murriztuko nabarmendu du Goirizelaiak.
Orain, proiektua Eusko Jaurlaritzari igorriko diote, behin betiko onar dezaten.