Gizartea -
EHU-ren ikerketa
Urdaibaitarrak Santimamiñe kobazuloko homo sapiensen ondorengoak dira
Duela 4.000 urte kobazuloan bizi zen homo sapiens baten matrailezurraren eta Urdaibaiko herritarren DNAren arteko antzekotasun handia egiaztatu dute.
Erredakzioa
Euskal Herriko Unibertsitateko Biomics taldeak egindako ikerketa arkeogenetiko batek agerian utzi du duela 4.000 urte Santimamiñe kobazuloan bizi zen homo sapiens baten matrailezurraren eta Urdaibaiko herritarren DNAren arteko antzekotasun handia. Hori dela eta, egungo herritarrak homo sapiens horien ondorengoak direla dioen hipotesia indartu dutela uste du EHUk.
Unibertsitateak jakitera eman duenez, Goi-Paleolitoan Euskal Herrian homo sapiensak bizi zirela frogatu ahal izan dute.
Homo sapiensen hezurretako DNAk eta egun Urdaibai eskualdean bizi diren herritarren DNAk agerian utzi omen du "amaren aldeko leinuak oso antzekoak" direla.
Zientzialariek kobazuloan bizi zen homo sapiens baten hezur arrastoak aztertu dituzte bi urtez eta, Estrasburgoko Unibertsitateko genetika adituen laguntzarekin, arrasto horien DNA mitokondriala deszifratu ahal izan dute.
DNA horren emaitzak eskuartean, hurrengo pausoa Urdaibain bizi diren egungo herritarren azterketa genetikoa egitea izan zen.
Iazko udaberrian hasi ziren bigarren fase horretako lanak egiten, eta, azaldu dutenez, lan erraza izan da, Urdaibai eskualdean bizi diren 158 herritarren txistu laginak hartu eta Santimamiñe kobazuloko historiaurreko leinuekin alderatzea besterik ez omen da izan.
EHUk azaldu duenez, Urdaibai eskualdeko biztanleria nahiko egonkorra izan da urteen joan-etorrian, eta horrek leinu zaharrek bere horretan eustea ahalbidetu du.
Orain, ikerketa Euskal Herriko beste eremu batzuetara zabalduko dute.