Krisi Ekonomikoa -
Fiskalitatea
Aberatsek 26.000 milioi euro dituzte paradisu fiskaletan gordeta
'The Observer' kazetak jasotako ikerketa baten arabera, dirutza horri ezarritako zergei esker, Gobernuek 230.000 milioi euro bilduko zuketen.
Erredakzioa
Tax Justice Network taldeak egindako eta 'The Observer' kazetak zabaldutako ikerketa baten arabera, aberatsek 17.000 eta 26.000 milioi euro bitartean dituzte paradisu fiskaletan gordeta. Diru kopuru honi zergak ezarriz gero, Gobernuek 230.000 milioi euro bilduko zuketen.
James Henry adituak gidatutako talde honek dioenez, dirutza hori "legearen aldetik oso babesleak diren herrialdetan dago", esaterako Suitzan eta Kaiman Uharteetan. Gainera, banku pribatuen laguntza dute, "diru-sarrera handiak dituzten lagunak erakartzeko".
"Primeran kobratzen duen profesional talde batek babestu ohi du" elite ekonomiko honen aberastasuna. "Ekonomiaren esparruan, herrialdeen arteko mugak gero eta errazago gainditu ditzazkegu, eta horretaz baliatzen dira aberats hauek", azaldu dute adituek.
Halaber, petrolioa duten herrialde aberatsak dira, bereziki, haien herrialdeetan inbertitu baino, dirua paradisu fiskaletan gordetzen dutenak.
Ikerketa honen arabera, munduko 92.000 lagun aberatsenek (nazioarteko biztanleriaren % 0,001) zortzi bilioi euro dituzte. "Horrek agerian uzten du desberdintasun ekonomikoa estatistika ofizialek erakusten duten baino larriagoa dela", salatu du John Christensen Tax Justice Network taldeko kideak.