Ekonomia -
Itunpeko hezkuntza
Uriartek 'elkarrizketa' eskatu du, % 65eko jarraipena izan duen grebaren 2. egunean
“Une honetan, elkarrizketa da bidea, hezkuntza publikoaren kasuan ikusi dugun bezala”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Donostian.
Agentziak | Erredakzioa
Itunpeko hezkuntzaren lan baldintzen inguruan “akordio bat lortzeko sindikatuen eta patronalaren arteko elkarrizketa” eskatu du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.
“Une honetan, elkarrizketa da bidea, hezkuntza publikoaren kasuan ikusi dugun bezala”, adierazi du Uriartek kazetarien aurrean, Donostian.
Zentzu horretan, “bi aldeen artean hitz egin behar dute, sindikatuen eta patronalaren artean, benetako elkarrizketa izan behar dute akordioa lortzeko”, azpimarratu du. “Gehienbat hortxe dago oztopoa, bi aldeen arteko elkarrizketa eman behar da”, errepikatu du.
Gainera, “esku artean ditugun gatazken artean, zati bat finantziazioa izan daiteke, baina beste guztiak lan gatazkak dira, ondorioz, bi aldeen arteko elkarrizketa eman behar da”, nabarmendu du.
Itunpeko ikastetxeetan greba eguna dute asteazken honetan, EAEn. Deialdiak % 65eko jarraipena izan du berriro, deitzaileen arabera.
Bigarren egunez jarraian eta hirugarrenez ikasturte honetan, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek itunpeko zentroetako ia 10.000 langileak grebara deitu dituzte. Gainera, EAEko hiru hiriburuetan mobilizazioak egin dituzte. Grebak 117.000 bat ikasleri eragin die berriz.
Honenbestez, lanuztearen jarraipenaren inguruko balorazio positiboa egin dute sindikatuek. Aldarrikapenei erantzun bat eman ezean, protestek jarraituko dutela ohartarazi diete Kristau Eskola eta IZEA sektoreko patronalei.
“Bide bati heldu diogu, eta patronalek aurrerapauso bat eman ezean, jarraituko dugu”, ohartarazi du Iñaki Balmaseda Steilaseko ordezkariak, Bilbon egindako manifestazioan.
Hitzarmen kolektibo berri bat negoziatzea eskatzen dute beharginek; izan ere, 2009etik berritu gabe dago.