Ekonomia -

EDESA

Bilbao: 'Catak Edesari begira hartu duen erabakia adarjotze bat da'

'Egindako eskaintza bere horretan' bete dezala eskatu dio Bizkaiko ahaldun nagusiak konpainia kataluniarrari.

Jose Luis Bilbao, Bizkaiko ahaldun nagusia.
Jose Luis Bilbao, Bizkaiko ahaldun nagusia.
Eskeinitakoa betetzeko eskatu dio Aldundiak Catari

1:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak gogor kritikatu du Catak atzo iragarritako erabakia: Fagor Etxetresnak berriak 2015 urteko lehen hiruhilekoan abiatuko du Edesako lantegiaren ekoizpena, baina aldi baterako bakarrik. Izan ere, hurrengo urteko amaieran ekoizpena EAEko beste lantegi batera eramango du. Bilbaoren iritziz, erabaki hori "adarjotzea" da. Erosketa gauzatu zenean egindako eskaintza bere horretan betetzeko eskatu dio ahaldun nagusiak konpainia kataluniarrari.

Goizean egin duen agerraldian Bilbaok esan duenez, irailaren 16tik ez dute harremanik izan Catako arduradunekin eta ez dute berririk. "Ikusitakoa ikusita, hau adarjotze bat da", adierazi du.

Jabego aldaketa gauzatu zenean, akordioaren "16. orrialdean", Catako buruek Basauriko plantan lehendabiziko urtean 65 lanpostu sortzeko konpromisoa hartu zuten, 81 bigarrengoan, 89 hirugarrengoan eta 98 laugarrengoan. Hori dela eta, ezarritako baldintzak betetzeko eskatu dio Bilbaok Catari. "Hartzekodunen konkurtsoan egindako eskaintza betetzeko eskatzen dugu", esan du.

Ahal nagusiaren iritzian, Catak Edesa irekitzea erabaki badu, "behin behinean bada ere", 65.000 termo ekoizteko, "merkatua egon badagoelako eta errentagarria delako da". "Inork ez du ezer ekoizten dirua galtzeko", zehaztu du.

2015 amaieran ekoizpena beste lurralde batera eramateko, Cata Edesaren Basauriko pabilioien jabea ez dela esatea, "aitzakia hutsa" da Bilbaorentzat. Horregatik, hartzekodunen konkurtsoan adostutako baldintzak betetzen ez badira, "Bizkaian deslokalizazio garrantzitsu baten aurrean egongo gara eta Foru Aldundia oso kezkatuta dago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Fagor Basauriko berriak